Gasteiz Jokoan (GaJo) mahai-jokoak hizpide dituen aisialdi eguna da, Board Game Gasteiz elkarteak antolatutakoa. Doakoa da eta denetzat irekia, bai jokalari sutsu, bai lehen aldiz mahai-jokoetara hurbildu nahi duen edonorentzat.
Jardunaldia Europa Biltzar Jauregiko Estibaliz aretoan ospatuko da, Gasteiz erdigunean, eta beraz, oinez, tranbiaz, autobusez edo bizikletaz irisgarria izango da. Maiatzak 10, larunbata, egun osoan izango gara bertan (10:30etan hasi eta 20:00ak arte). Hainbat mahai-jokoez goza ahal izango duzu eta baita horiei loturiko jarduera ezberdinetan parte hartu ere, hala, miniaturak margotzeko artean lehen pausoak eman edo rol partida bat jolastera ausartu.
Zertan datza Gasteiz Jokoan?
Sarrera guztiz doakoa da. Sarreran tiket bat hartu eta eskuragarri izango den inprimaki batean posta elektronikoa emanez, erregistratu besterik ez duzu egin behar.14 urtetik beherakoek ez dute erregistratu beharko, baina heldu batek lagunduta joan beharko dute.
Jokorik izango al da bertan?
Joko pila bat izango dira. Ludoteka (jokoen liburutegia) prest izango duzue. 200 jokotik gora bildu ditugu, familian edo etxeko txikiekin jolastekoak, baita inoiz erostera ausartu ez zaren joko erraldoia ere. Horiek guztiak probatzeko 30 mahaitik gora izango ditugu erabilgarri, gerturatzen den orok gustuko duen jokoa proba dezan.
Jokoen arauak aurrez irakurri behar ditut?
Mahai batzuetan aurrez prestatutako jokoak izango ditugu erakusgai, baita horiek azalduko dituzten bolondresak ere. Jokoa gustuko baduzu, behin arauak ulertuta, beste mahai batera joan zaitezke zure lagunekin jolastera. Ludotekan izango diren beste jokoei dagokienez, oinarrizko arauak azaltzeko beti izango da norbait prest, baina egokiena arauak zuk zeuk irakurtzea izango da.
Ez, ez da salmenta-posturik izango. Ekitaldi hau guztiz ludikoa izango da. Jardunaldi hau antolatzeko hainbat denda eta argitaletxeren laguntza izan dugu, euren jokoak musutruk eskaini dizkigute eta beraz, ez dira bertan salduko. Edonola ere, Gasteizen badago gustuko duzun jokoa non erosi. Gertuko dendekin hitz egin dugu eta Gasteiz Jokoan jardunaldia antolatzen lagundu diguten argitaletxeen joko dezente eskuragarri izango dituzte bere dendetan.
Plazerra da gure zaletasuna beste pertsonekin partekatu ahal izatea, baita gure joko gustukoenak azaltzea, eta bide batez, joko kide berriak aurkitzea.Eskatzen dugun gauza bakarra zera da, ongi pasatzeko asmoarekin etortzea. Bai lagunekin, bai ezezagunekin jolastea, denon artean giro ezin hobea sortu dezagun.
Arazoa, Concordia jokoan puntu kontaketan galdu zaretela bada, ziur zuek konpondu dezakezuela. Beste edozein galdera edo arazo izanez gero gure bolondresak (behar bezala identifikatuak) laguntzeko prest izango dituzu. Arraza, genero edo beste edonolako diskriminazio edo erasori aurre egiteko ardura duten pertsonak, gainera, adierazle more batekin identifikatuta egongo dira. Espero dugu haiengana jo beharrik ez izatea, baina adi egongo dira!